Hasiera Aralarko San Migel Santutegia


 

Urteetan zehar hipotesi asko izan dira noiz egina ote denari buruz. Ikerlari batzuek (Burgui, Marcotegui), ustez eta aingeru batek daraman xingolan 1028 irakurtzen den, urte hori hartu zuten erretaularen egite urtetzat; beraz, garai hartan Nafarroako tronuan esertzen zen Santxo Garzes III.a, Handia, erregeari egotzi zioten erretaula oparitzea. Beste batzuek zaharragotzat zeukaten (Arigita), VI. mendean kokatuz. Gehienek, ordea, geroago, XII. edo XIII. mendean egina dela diote (Huici eta Juaristi, Gómez Moreno, Lojendio, Uranga eta Íñiguez). Berrikiago, Frantziako Ikerlan Zientifikoen Zentru Nazionaleko irakasle ikerlari den Marie Madeleine Gauthier andereak azaldu zituen xehetasunik fidagarrienak, 1982an egindako ikerketa sakonaren ondoren. Honek erretaularen egite data XII. mendeko azken laurdenaren hasieran finkatu zuen.

 
Berak zera dio: “Gaur egun ikertuak eta sailkatuak dauden hegoaldeko hamar mila esmalte-lanen artean ospetsua da obra hau. Bere ezaugarri berezien egitura artistikoak bide ematen digu lan hau 1175. eta 1185. urteen artean egina izan zela errateko”. Garai horretan Santxo VI.a, Jakintsua, zegoen Nafarroan errege, eta Paristar Pedro bezala ezagunagoa zen Artaxonatar Pedro Iruñean apezpiku. Pentsa daiteke artezko obra berezi horren jatorrian biek zuzenean parte hartuko zutela. Ezin da ahaztu une hartan Erreinuko kultura eta artea gora zihoazela; esate baterako, Iruñeko katedral erromanikoa eta beste eraikuntza esanguratsuak jasotzea bideratzen ari ziren urte haietan.   Juan Antonio Salvador Carmonaren irudi batean azaltzen den Aralarko esmaltezko erretaula
Juan Antonio Salvador Carmonaren irudi batean azaltzen den Aralarko esmaltezko erretaula