Hasiera Aralarko San Migel Santutegia


 

Erdiko irudi nagusiak Gizakundearen Jainko agerpena azaltzen du. Ama Maria koroitua eseririk ageri da, besoetan Jesus Haurra duela. Honek itxura maiestatikoa hartzen du: koroitua, eskuineko eskuaz bedeinkatzen eta ezkerrekoaz Bibliari eusten. Mariak bere eskuz eusten dio Haurrari, ezkerreko besaburutik eta eskuineko belaunetik, Haurraren burua Birjinaren bularraren parean gelditzen dela. Biak berde eta urdin koloretako tunikaz jantzirik daude, non tolesturak urrez markaturik ageri diren. Badira beste elementu azpimagarri batzuk ere: hala nola, Birjinaren buruaren bi aldeetan dauden alfa eta omega; alfaren azpian dagoen Agerkundearen izarra; Mariaren oinpean dagoen oinaulki artistikoa; Birjinak esertzeko azpian daukan kuxin bildua, honen bazterrak agerian gelditzen baitira; obaloari forma ematen dioten greka artistikoak; Birjinaren jarralki gertatzen den arkua eta Mariaren santutasun argi-ingurua.

Aralarko esmaltezko erretaularen detailea. XII. mendekoa
Aralarko esmaltezko erretaularen detailea. XII. mendekoa

Obaloa, lau angeluetako esmalteetaz osotorik, laukizuzen bihurtzen da. Lau esmalte horiek Tetramorfos edo lau ebanjelarien sinboloak irudikatzen dituzte. Ezkerretik eskuinera eta goitik behera hauek dira: aingeru bat, San Mateo; arranoa, San Joan; lehoi hegalduna, San Markos; zezen hegalduna, San Lukas. Aingeruak xingola bat darama, AIO: SB ezaugarriekin. Zenbait autoreek erretaularen dataren eta egilearen aztarnak ikusi nahi izan dituzte hor, baina iritziak kontraesanak izan dira. Burgitar aita Tomasek “Anno Christi 1028” irakurri zuen hor; Arigitak, berriz, egilearen izena aurkitu zuela uste izan zuen. Azkeneko iritzia eta ziurrena Ursua Irigoientar Isidorok emandakoa eta 1992an Principe de Viana aldizkarian argitaratutakoa da. Bertan Alfa eta Omegaren artean Kristoren izena laburbildurik aurkitzen dela dio, eta Apokalipsiaren aipamena litzatekeela uste du.