Hasiera Aralarko San Migel Santutegia


 

XVIII. mendean, Irigoien eta Dutaritar on Juan Lorenzo, Belateko priorra, geroago Iruñeko apezpikua izango zena, arduratu zen erretaularen garbitzeaz. 1765ean eraman zuten erretaula Iruñera. Han, Jirautar Josek, 1752an azterketa pasa zuen Iruñeko zilarginak, ekin zion garbitze lanari, esmalte, harribitxi eta pieza guztiak txukunduz eta “ertza berria jarri aitzin zegoen bezala” berriro armatuz. Goñi Gaztanbidek emandako berri honekin garbi gelditu da ez zela Manuel Beramendi izan frontala berriztatu zuena, Arigitak esan bezala. Manuel Beramendik soilik frontaleko hitzen grabaketa egin zuen. Berri horrek garbi uzten du frontala lehen bezala gelditu zela, piezarik kendu edo gehitu gabe eta jatorrizko antolaketa mantenduz. Eranskin bakarra erretaularen ertza inguratzen duen moldura izan zen. Hauxe bera baieztatzen da 1666ko agiri batean, Huici eta Iturendar Joserekin zurezko erretaula baten kontratua egitean, non horren barruan esmaltezko erretaula kokatu behar zela esaten den. “... aipatutako kaperan aurkitzen den erretaula, apostoluak eta Jainkoaren Amaren irudia dituena, hor jarriz”. Honek data hartan erretaulak gaur egun daukan antolaketa bera zeukala baieztatzen duela dirudi.

Zortzi gizonek bizkar gainean eramanda, erretaula Aralarrera itzuli zen Zamartzetik gora. Ez zen gehiago santutegiko kaperan ezarri, beste erretaula baten barruan baizik. Horrela adierazten da frontalaren beheko aldean irakur daitekeen idazkian:“ Metal urreztatu eta esmaltatutako xaflez egindako erretaula zoragarri hau, bere Iruņeko Katedraleko Sagrarioko Birjinaren Irudiarekin, zeini erantsia dagoen San Migelgo Santutegi hau, antzinean bere Kaperako ilunpean egon zen, hortik aterata Iruņean garbitu ondoren eta bera ikusteak debozioa piztu zezan, Kapera nagusi honetan ezarria izan zen 1765. urtean ”.