Hasiera Aralarko San Migel Santutegia


 

1032. Santxo Garzes, Santxo III. Handia, Nafarroako erregeak Iruñeko elizbarrutia berreraikitzeari buruz pribilegio bat ematen du. Bertan agertzen da, idatzirik, lehenbizikoz Aralarko Santutegiaren aipamena, eta San Migel Zamartzeko Santa Maria elizaren pean azaltzen da bertan. Hau Sakana zeharkatzen duen Santiagoko bidean kokaturik dago. Santutegi primitiboak –karolingio tankerakoa- IX. mendekoa dela dirudi, eta arabiarrek suntsituko zuten, apike, 924. urtean.

 

1040. Nafarroako errege den Gartzia IV.ak eta Estefania bere emazteak emari bat egiten dute Andre Maria beti Birjinaren ohoretan eta santutegian dauden santu, apostolu, martiri, aitorle eta birjinen erlikien kultorako. Emari hori Aginarteko monastegia eta Muztillano eta Berroeta herrixkak ematean datza. Donazioaren errege txartelan izen batzuk euskeraz ageri dira: Ezkiaso altaria eta Akerzaltua, Aralar mendiko bi saroi (Ezki = tilo; Akerzaltu = soto de irascos). Santxo Ramirez erregeak aurreko emariak baieztatzeaz gain, Allazozabal izeneko Arakilgo monastegia ere oparitzen du.

  Egunsentia santuarioan. Atzean San Donato
Egunsentia santuarioan. Atzean San Donato
 

1074. Autore ezberdinek diotenez, urte hau erromaniko tenplu berriaren sagaratzearen data da, eta ordukoa litzateke gaurko elizburua, gehi hiru nabe. Goñi Gaztanbidetar on Josek, ordea, 1141. urtean kokatzen du sagaratze-data. Ordutik hasiko zen santutegian bizitzen monje anaidi bat. Peñalengo Santxo IV.ak, aurretik Aralarko mendietan eta beste lekutan hamabost saroi emanak zizkionak, bere ondasun guztiak egiaztatzen dizkio santutegiari “bere sagaratze egunean”, Zamartzeren mende oraindik egonda ere.

On Ramiro, Nafar erreinuko infantea, Gartzia IV.aren bigarren semea eta Santxo el Noblearen anaia, gerrara joaten da Lur Santuetara, Jerusalengo konkistan parte hartuz 1099. urtean. Handik Kristoren gurutzeko besoaren zati bat ekarrita, Aralarrera igotzen da pertsonalki Lignum Crucis-es puska bat santutegian uzteko, zenbait bikaria, errenta eta hamarrenak emateaz gain. Gurutzearen zati hura, zilarrez apainduta eta marfilezko kaxa baten barruan, sagrarioan gordetzen da hainbat mendetan zehar, 1756. urtean San Migelen irudian txertatu arte.

1087. Santxo Ramirez erregeak eta bere seme Pedrok Iruñeko apezpikuari hainbat ondare legitimatu egiten dizkiote. Horien artean, Zamartzeko monastegia bere mendi gaineko San Migel elizarekin eta San Migel in Excelsis-en herrixkak.

XI. mendearen bukaeran, Santxo Ramirez errege zela eta Rodatar Pedro Iruñeko apezpiku, Goñiko Garzia de Arnalt zaldunak alde egiten du etxetik, ermitari bihurtuz eta San Migelen gurtzara bere burua emanez. Jasotzen dituen limosnekin tenplua eraikitzen du, Mirakuluen liburuak dioenaren arabera.

1098. Autore batzuek elizaren sagaratze data bezala hartzen dute urte hau, elizkizun horretan zazpi apezpikuk parte hartu zutelarik. Burgitar Tomasek apezpiku horiek Don Pedro erregearen lurraldeetakoak izango zirela suposatzen du, hau da, Iruñea, Jaka, Bordele, Kalagorri, Naiera, Huesca, Santiago edo, agian, Marsella eta Arleskoak. Elizkizuna irailaren hasieran izango zela suposatzen da, orain dela gutxi arte hilabete horretako lehenbiziko igandean Dedikazio jaia ospatzen baitzen.

1099. Nafarroako eta Aragoiko errege izan zen Pedro Santxezek santuarekiko eskuzabaltasuna adierazten du, osasuna mirari bezala berreskuratu ondoren. Garibay eta Zamalloatar Estebanek honela dio: “Mendi honetara oinez igo zen, santutegia eraikitzeko hareaz beteriko zakuto batzuk sorbaldan zeramatzala. Gau batean, eliza honetan zegoela, sendaezina zen gaixotasuna harrigarriro sendatu baitzitzaion, zeruko printzearen mesedea dastatu zuen”. 1099ko otsailean Murginto herria eskaintzen die Jainkoari eta San Migeli; 1103an, Argindoain herria (Arakil) eta bere mugetan zeuden bi monastegi, Mendibezuako Santo Tomas eta Izaga.

1125. Alfonso Borrokalariak errege zergak kentzen dizkie San Migelgo larreei, erabat santutegiko zerbitzurako egon daitezen.

1130. Alfonso Santxez Nafarroako erregeak ondare batzuk ematen dizkio santutegiari, Tuteran, Moncayo inguruan, eta Gallurtik Cadreitara bitartean.

1141. Urte hau izan zen, apike, gaur ezagutzen dugun eliza honen, hiru habearteko hiru nabe eta nartex delako zatia dauzkan eliza honen, sagaratze urtea. Garzia Ramirez Nafarroako erregeak emari batzuk zuzentzen dizkio santutegiari “San Migelen alde, eliza honen Dedikazio egunean”.

1167. Urte honetan eraikitzen da santutegiaren hegoaldeari itsasita dagoen egoitza, geroago San Migel kofradiaren egonlekua izango dena.

1175. Urte honen inguruan eraikitzen da esmaltezko erretaula, Santxo VI. Jakintsua erregearen eta Paristar Pedro apezpikuaren agindupean, uste denez. Egileak Limogestik etorritako zilargin eta esmaltatzaileak lirateke eta lana Nafarroan egingo zuten.

1229. Iruñeko apezpiku zen Ramirez de Pierolatar Pedrok ontzat ematen ditu San Migel Kofradiaren estatutoak. Gainera, elizari erantsita dagoen egoitza Kofradiari ematen dio baldintza batekin: Iruñeko apezpikuak izan beharko du Kofradia horren buru eta errektore.

1368. Folcautar Bernardo apezpikuak, edikto batean, San Migelgo Kofradia horretan parte hartzen dutenen kopurua aipatzen du: 40.000 kofradiko eta, horien zerbitzurako, 20 elizgizon.