Hasiera Aralarko San Migel Santutegia


 

Lio Caro Baroja antropologoak (1914-1995), interes handiko ikerketa burutu zuen Teodosio de Goñiren kondariari buruzkoa, Europako beste antzeko kondairekin alderatuz. Berak dioenez betidanik jakinmin handia sentitu izan zuela kondaira honen gainean, motibu pertsonalak eta familiarrak zirela medio. Bere zortzigarren abizena Goñi zen eta bere familiaren jatorriari buruz bazegon tradizio bat Teodosiorekin lotzen zuena. Don Julioren amaren ama, hau da Carmen Nessi Goñik bazuen dokumentu bat Goñiko San Migel jauregikon(Larrainagusia) jabeenganako harremana demostratzen zuena. Dokumentu horrek toki berezia izan zuen. Don Juliok ere Berako “Itzea”ko jangelan leku garrantzitsua bilatu zion.

 

Caro Barojak dio kondaira honen jatorrian badagoela noblezia demostratu nahi bat bezala. Hau da familiren batek nahi izango zuela Nafarroako erreinurako erabakiorra izan zen gertakizun bat bere arbasoek egina zela esatea. Eta hortatik pasatu izango zen Nafar guztien Historiako gertakizun izatera.

Caro Barojaren ustez gertakizunen elementu nagusia dugu gurasoak hiltzearena deabruaren eraginez.

  Lainoak zuhaitzak estaliz
Lainoak zuhaitzak estaliz
 

Gurasoen erahilketak badu tragedietan leku berezia griegoen garaietatik. Homeroren “Odisea” edota Sofoklesen “Edipo errege” horren adibide garbiak ditugu. Caro Barojak beste idatziak ere aipatzen ditu gisa honetako argumentuak dituztenak. Besteak beste Euripides, Seneca, Diodoro, Pausanias, Apolodoro eta Higinio, Finalndiako eta Ukraniako beste idazleetaz aparte, baita Javako uharteko genealogia bat ere.

Kristauen artean ere aipatzen digu kondaira bat edo beste. Judas Iskarioterena Erdi Aroan sortutakoa esate baterako. Honek apostolu traidoreari leporatzen dio bere aita hil zuela eta amarekin inzestoa burutu zuela Kristo ezagutu aurretik. Caro Barojak konkretuki bi kondaira aztertzen ditu Teodosiorenarekin antza handia dutenak, diferentzia batzuk dituzten arren: San Julian Hospitalarioarena eta San Albanorena. Biak ditugu erremesaldiekin eta penitentziekin zerikusia duten santuak.

San Julian mendian ehizean zegoela, orein batek iragartzen dio bere gurasoak hilko dituela. Profezia bete ez zedin, Julianek alde egin zuen gurasoen etxetik eta alargun batekin ezkondu zen. Gurasoak haren bila hasi eta errainaren gaztelura iritsi ziren. Honek nor ziren jakin ondoren bere ohea eskeini zien atseden hartzeko. Julianek bere ohean bi gorputz somatzean, bere emaztea beste batekin zegoela pentsatu eta biak hil zituen oreinak iragarri bezala. Kalera irten eta bere emaztea aurkitu zuen mezetatik zetorrela. Bere pekatuaren penitentzia gisa Ospitale bat eraiki zuen errekatik gertu eta pobreei ostatua eman eta ibaia zeharkatzen laguntzera dedikatu zen. Urte batzuren buruan aingeru baten bisita jaso zuen eta honek Jainkoak pekatuak barkatu dizkiola jakinarazten dio. Handik gutxira hil zen santu famakin.

San Albano jaio zen Hungriako Hisano printzea eta bere alabaren arteko harreman inzestuosoaren ondorioz. Umea abandonaturik utzi eta beste printze batek jaso zuen. 20 urte zituela bere aita adoptiboak andregaia aukeratzeko eskatzen dio. Horretarako erretrato batzuk erakutsi zizkion. Horien artean bere amarena aukeratu eta harekin ezkondu zen. Hil zorian zegoela aitak Albanori bere adopzioa jakinarazten dio eta aurkitu zueneko painalea eman zion. Emazteak hura ikustean ezagutu zuen inzestoan bizi zirela. Ama semeak Erromara joan ziren Aita Santuari barkazioa eskatzera. Honek penitentzia bezala ezarri zien zazpi urtez mendietan ibiltzea eta belarrak besterik ez jatea eta ohean lorik ez egitea. Baina bere lurretara bueltaturik, deabruak Hisano tentatu eta berriz ere inzestoa burutu zuen. Albanok hura ikusita gurasoak hil zituen. Aita Santuak agindu zion orduan hilketaren tokian ermita bat jasotzea eta bertan ermitaino gisa bizitzea beste lagun apez batekin. Han gurasoen alde erregutu beharko zuen gorpuak begi bistan zituela. Hil arte egon behark zuen gainera. Eta zazpi urteren buruan hil zen Albano.

Bi kondaira hauek Teodosiorenak bezala aipatzen dute gurasoak hiltzearen baita zazpi urtetako penitentzia ere. San Julianen kondairan gainera Teodosiorenean bezala ez zituen nahita hil. San Albanorenak Aita Santua aipatzen du Teodosiorenak bezala eta deabruaren engainua. Halaere Teodosioren kondairan ez da azaltzen inzestorik, beste bietan eta beste zenbait Tragedia klasikoetan bezala.

Teodosioren desgrazian aurreko pekaturik ez izatea Caro Barojaren ustez horrek gogorarazten digu kondaira haiek izaten zutela helburu didaktiko eta eredugarria. Eta esaten digu deabruaren eragina dela hor elementurik inportantena baina beharbada baitaere kontutan hartzekoa dela gurasoak semearen ohean egotea ez zela egokitzat hartzen, tabu modukoren bat zela. Beraz Teodosioren kasuan ez zen inzestorik existitu baina bai irregularidade bat deabruak aprobetxatu zuena.

Caro Barojak Teodosioren kondaira genealogikotzat hartzen du, linaje bat osatzeko gertakizunak aipatzen baititu. Kasu honetan Goñiko jauregi zaharra dugu. Familia batentzako ohore handia da horrelako momentu batean bere jatorrizko pertsonairen bat protagonista izatea mirariren batean parte izan duelako. Bi elementu hauek aurki ditzakegu Teodosioren kondiran.

 

Kondaira noiz gauzatu zen estudiatzean, Caro Barojak dio Erdi Aroko azken partean izango zela. Hain zuzen ere garai hartan garatu baitzen heraldika eta familia nobleak eta aitonsemeak eta interes genealogikoak gairai hartakoak baititugu. Azken finean, kondaira honek lotzen ditu nafarroako etxe zahar bat, San Migelen debozioa eta giro herrikoia. Eta esan daiteke San Migelen kultoa baino berriagoa dela.

  Goñitarren armarria
Goñitarren armarria